Emakumeak Zientzian ekimenarekin egindako hitzarmenaren helburua emakumeek zientzian duten jarduera agerian jartzea da

Published: Abendua 2, 2021

 

 

 

 

 

 

Donostiako Udalak, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren eta Donostia Sustapenaren bidez, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du #EmakumeakZientzian ekimena osatzen duten erakundeekin. Hauek dira helburu nagusiak: emakumeek zientzian duten jarduna agerian jartzea, jarduera zientifiko eta teknikoei esleitzen zaizkien rol maskulinoekin apurtzea, neskato eta nerabeetan ibilbide zientifikoen aukeraketa sustatzea eta ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea hiriko komunitate zientifikoan. Lau urteko hitzarmen horren bidez, bi erakundeek azken urteotan emakumeek garatutako zientzia eta teknologia hurbiltzeko eta agerian jartzeko egin duten elkarlana sendotu da, etorkizunerako apustu gisa.

Marisol Garmendia, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzia, Emakumeak Zientzian erakundeko ordezkariekin

Beraz, erakunde hauek antolatutako ekimen baten entitate laguntzaile bihurtu da Donostia Sustapena: CIC nanoGUNE; CFM (CSIC-UPV/EHU); DIPC; POLYMAT; CIC biomaGUNE; Biodonostia; TECNUN; Ceit; Elhuyar; Informatikako Fakultatea (UPV/EHU); BCBL; Kimikako Fakultatea (UPV/EHU); Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola (UPV/EHU); Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala; Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoa; eta Lortek.

Ekonomia bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak gogorarazi duenez, «hirian 5.336 pertsona ari dira I+Garen sektorean lanean, hau da, Donostiako biztanleria aktiboaren % 4,63, Gipuzkoako % 2,41aren, Euskadiko % 1,87aren, Espainiako% 1,01aren eta Europar Batasuneko % 1,41aren aldean. Gainera, zientziaren eta berrikuntzaren sektoreko 5.336 pertsona horietatik % 47 emakumeak dira. Zifra horiek argi erakusten dute gure hirian garrantzitsua dela emakumeek presentzia izatea orain arte gizonezkoentzat soilik zirela ziruditen eremu horietan».

Garmendiak azaldu duenez, «munduko erronka nagusiei aurre egiteko, esaterako, klima-aldaketari edo energia-iturri berriztagarriei heltzeko, funtsezkoa da emakumeek zientzian duten partaidetza handitzea. Guretzat ezinbestekoa da askotariko eremuetako aukerak babestea, batez ere eskolaren eremuan, neskatoek eta emakumeek gure etorkizuna erabakiko duten eremu zientifiko eta teknologikoetan parte har dezaten. Horregatik, horrelako hitzarmenak ezinbestekoak dira ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko, are gehiago Donostiaren moduko zientzia- eta berrikuntza-hiri batean».

Bestalde, Mónica Moreno eta Itziar Otegui 2022ko proiektuaren koordinatzaileek azpimarratu dute garrantzitsua dela eragile guztiek norabide berean arraun egitea, lanbide zientifiko teknikoetan genero-arrakala murrizteko. Nabarmendu dutenez, etorkizuneko industriak geroz eta profesional gehiago eskatzen ditu arlo horietan, eta emakumeek ez dute atzean geratu behar: hezkuntzaren, erakundeen eta enpresaren esparrutik lan egin behar dugu emakumeek etorkizuneko arlo estrategiko horietan berdintasunezko sarbide eta garapen profesionala izan dezaten bermatzeko.

Hitzarmenak barne hartzen dituen lankidetza-ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: DSS WeekINN Berrikuntzaren Astean jarduerak elkarrekin antolatzea, zeinetan ospe handiko zenbait ikertzailek parte hartu zuten eta beren lana eta esperientzia kontatu zuten; «Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna» jarduera-programa sustatzea, eta Donostia Innovation Campus ekimenean laguntzea.

Azken atal horretan, Donostiako zenbait ikastetxetan jardunaldiak eta informazio-saioak antolatzea aurreikusten da. Era berean, hiriko zentro teknologikoen sarean lan egiten duten emakume zientzialariek zuzendutako ikerketa-proiektuen berri emango da, eta emakume gazte ikertzaileentzako ekintzailetza zientifikoari buruzko sentsibilizazio- eta prestakuntza-ildo bat jarriko da martxan, ekintzaileei orientazioa emate aldera.