Garapen planen berri emateko bisita ofiziala CFMra
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Denis Itxaso Espainiako
Gobernuko Delegatuak CFM (Materialen Fisika Zentroa) zentroa bisitatu
dute, Euskadin garatzen ari diren plan osagarri guztien berri emateko.Europatik datozen plan osagarrien eta Eusko Jaurlaritzak egiten dituen
ekarpenen bidez, 5 ikerketa–lerrok 32 milioi euroko inbertsioa jasotzen dute
guztira.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Hezkuntza Sailari atxikitako CFM (Materialen Fisika Zentroa) BERC ikerketa zentroaren (Basque Excellence Research Centre) instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean. Bertan, beren instalazioetan garatzen ari diren ikerketa–proiektuen ezaugarriak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.
Bisitan, bi arduradunek berriki hainbat ikerketa–ekintza garatzeko bultzatu diren plan osagarrien garrantzia adierazi dute; plan horien helburua da Europako ahaleginak eta Euskadik ikerketa– eta berrikuntza–proiektu estrategikoak bultzatzen jarraitzeko egindako apustua bateratzea. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, plan horiek Hezkuntza Sailaren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasuna eta Ingurumen Sailaren bitartez koordinatu dira. Bileran, sailburuarekin eta ordezkariarekin batera, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria den Alberto Fernandezek eta Hezkuntza Saileko Ikerketako zuzendari den Amaia Esquisabelek parte hartu dute.
Plan osagarriek bi ekarpen ekonomiko dituzte: batetik, Europak Next Generation programaren bidez egindako ekarpena, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak ikerketa–ekimen bakoitzean egindako ekarpenak. Guztira, Euskadiren kasuan, plan osagarriek bost ikerketa–eremu hartzen dituzte: biodibertsitatea, osasunari aplikatutako bioteknologia, komunikazio kuantikoa, energia eta hidrogeno berriztagarria eta material aurreratuak. Plan osagarrien bidez, Euskadik 18,8 milioi euro jasoko ditu Europatik, Next Generation
programaren bidez. Bestalde, Euskadik 14 milioi euroko ekarpena egiten du funts propioekin. Azken batean, plan osagarrien ekimen honen bidez, Europako politikak koordinatu nahi dira Eusko Jaurlaritzarentzat ikerketa–eremu desberdinak garatzeko
lehentasunezko ekimenekin.
Egindako bisitan, Bildarratz sailburuak adierazi duenez, “Euskadin ikerketaren garapena Europarekin koordinatuta bultzatzeak duen potentzialaren adibide argia da. Hautatutako eta garatutako bost ikerketa–proiektuak Euskadin ikerketa– eta berrikuntza–
politiken bidez garatzen ari diren proiektuen aitzindari dira. Ekimen ona da, proiektu horiek indartuko dituena eta ikerketa–taldeak zein garatu beharreko ekintzak sendotuko dituena”.