Celia Rogero ikertzailea EMAKUMEEKINN 2026 saria

Published: Martxoa 5, 2026

  • Donostiak emakume erreferenteen talentua eta ekintzaile-gaitasuna balioesten ditu, eta haien lidergoa eta eraldatzeko gaitasuna nabarmentzen ditu.

  • Emakumeen talentua eta berrikuntza bultzatzen duen tokiko enpresa ere saritzen da, berdintasunarekin konprometitutako enpresa-eredua sendotuz.

Celia Rogero eta Ane Oyarbide

Celia Rogero, EHUko Materialen Fisika Zentroko zuzendaria, Bella Bowring, Donostian finkatu den Londreseko ekintzailea, Gerald’s Bar jatetxeko jabekide eta arduraduna eta Multiverse Computing, adimen artifizialean eta konputazio kuantikoan espezializatutako enpresa, izan dira EMAKUMEEKINN saria jaso duten emakume eta erakundeak. Donostiak Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz ematen die aitorpen hori hiriko ekintzailetza espiritua garatzen eta berrikuntza bultzatzen laguntzen duten emakumeei.
Sariak hiru kategoriatan banatzen dira: STEAM bokazioak sustatzen dituen emakume ikertzailea, hiria eraikitzen duen emakume ekintzailea eta emakumeen berrikuntza eta talentuaren aldeko apustua egiten duen enpresa. Donostia Sustapenak aurtengo sarietarako egin duen hautaketan parte hartu eta proposamenak egin dituzte Aspegi, Emakumeak Zientzian, SShops edo Ostalaritza Elkarteak, besteak beste.
Sariak Ane Oyarbidek, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak, eta Iñigo Olaizolak, Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzaileak, entregatu dituzte EKINN eraikuntzan, pasa den otsailaren 26an bere bigarren urteurrena egin zuen ekintzailetzaren eta berrikuntzaren nodoan, alegia. Aurreko edizioetako zenbait emakume sarituk ere parte hartu zuten ekitaldian. Ane Oyarbideren hitzeta “Aukera berdintasuna justizia kontua da, baina baita gure hiriarentzako berrikuntza eta lehiakortasun motorra ere; benetako aukerak sortzen ditugunean, emakumeak dira Donostia gidatzen eta eraldatzen dutenak, hiri berritzaileago, inklusiboago eta etorkizun handiagoa duen baterantz aurrera eginez”.

Emakumeen talentuaren bultzadarekiko konpromisoa hartu duten hainbat erakunde bildu ziren sariak entregatzeko ekitaldi horretan, besteak beste, ekintzailetzaren esparrukoak, zientziaren esparrukoak eta bestelako sektoreko profesionaletakoak. Horrela, adibidez, Juana Goizueta (EHU), Jon Alberdi (ViveBIOTECH), Ana Fernández (BCBL), Idoia Azaldegui, (BERC Polymat), Leire Madariaga (Tecnalia), Itziar Vergara (IIS Biogipuzkoa), Ricardo Díez Muiño (DIPC), Iratxe Pascual (Aspegi), Jakeline Barker (Jaikunde) edo Nerea Rodríguez (ShopSS) bertan egon ziren.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren hitzetan, “Emakumeekinn bezalako sariak aukera bat dira esfortzu, sormen eta ikuspegiarekin gure gizartea eta ekonomia eraldatzen ari diren emakumeen talentua ikusarazteko eta aintzatesteko. Hesiak hautsi, bidea ireki eta beste askorentzat erreferente bilakatzeko gai izan diren emakumeak. Aukera-berdintasuna ez da soilik gizarte-justiziaren kontua, berrikuntzarako eta lehiakortasunerako motorra ere bada hiriarentzat. Badakigu oraindik erronkak badaudela, baina aurrerapen argiak ere ikusten ditugu: gero eta emakume gehiagok ekiten dute, proiektuak gidatzen dituzte eta aukera berriak sortzen dituzte. Donostiako Udalak eta Donostia Sustapenak talentu eta bultzada ekintzaile horri laguntzen jarraitu nahi dute. Benetako aukerak sortzen direnean, emakumeek aurrerapauso bat ematen dute, eta hiri berritzaileagoa, inklusiboagoa eta etorkizun handiagokoa eraikitzen laguntzen dute”.

STEAM bokazioak sustatzen dituen emakume ikertzaile bikainaren kategoria
Celia Rogero Blanco, emakume ikertzaile bikaina

Celia Rogero,  egun CSIC-UPV/EHU zentro mistoko Materialen Fisikaren Zentroko zuzendaria, erreferentziako fisikaria da nanozientziaren eta materialen zientziaren esparruetan, Madrileko Unibertsitate Autonomoan hasi zen ikerkuntza ibilbide luzea dauka eta hainbat nazioarteko bikaintasun zentrotan ibili da, hala nola Max-Planck Institutuan, Fritz Haber Institutuan eta Madrileko Materialen Zientziaren Institutuan. Bere karreran uztartu egiten dira, alde batetik, puntako ikerketa –hainbat argitalpen zientifikoren eta bere doktorego tesiak jasotako aitorpenen bermearekin– eta, bestetik, Donostiako Materialen Fisikaren Zentroko (CFM) zuzendari gisa gauzatu duen lidergo instituzionaleko lan nabarmena.

Sari hau eman zaio nanozientzian duen bikaintasun ikertzaileagatik, kudeaketa eta lidergo zientifikorako gaitasunagatik eta STEAM bokazioen bultzadarekiko duen konpromiso irmoagatik, batez ere emakumeen artean. Azken helburu horretarako, jarduera akademiko eta dibulgazio jarduerak antolatzen ditu, emakumeak oraindik ere gutxiengoa diren esparru estrategiko horretan emakumeen talentuari ikusgarritasuna emateko.