Milia kuantikoa Donostian: murgildu kuantikaren ikerketan oinez edo birtualki

Published: Urria 23, 2025

Juana Goizueta (EHU), Juan Ignacio Pérez Iglesias (Basque Government) eta Javier Aizpurua (BasqueQ) milia kuantikoaren aurkezpenean.

Aste honetan inauguratu da Milia Kuantikoa. Ibilbide zientifiko-teknologiko honek Ibaetako poloan, Europako aktiboenetako batean, ikerketa kuantikoan aritzen diren zentro esanguratsuenak zeharkatzen ditu.

Ibilbide zientifiko-teknologiko hau bi modu osagarritan egin daiteke:

Oinezko ibilbidea: kuantikaren inguruan ikerketa egiten duten zazpi ikerketa-zentro eta fakultate nagusien eraikinen sarreran kokatuta daude dibulgazio-infografiak, guztiak ere pasealeku seinaleztatu baten ibilbidean.

Bisita birtual interaktiboa: 360 graduko ibilbide digitala da, laborategietan eta ikerketa-espazioetan murgiltzen du bisitaria, lan zientifikoa, ekipo teknologikoak eta talde bakoitzaren gaitasunak zehatz-mehatz erakutsiz.

Milia Kuantikoa osatzen duten zazpi zentroak honako hauek dira: Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM), CIC nanoGUNE, Tecnun (Nafarroako Unibertsitatea), EHUko Informatika eta Kimika Fakultateak eta Basque Quantum aliantzaren egoitza den Ikerbasqueko eraikin berria.

Milia kuantiko birtualeko nabarmendutako CFMko espazio bereziak daude, hala nola nanofotonika kuantikoko laborategia, material kuantikoen laborategia (diluzio-hozkailuarekin), edo nanoteknologian, mikroskopian eta algoritmo kuantikoetan espezializatutako laborategiak, besteak beste.

Milia Kuantikoaren aurkezpen ofiziala Ikerbasqueren eraikin berrian egin da. Eraikin horretan urriaren 14an inauguratu zen IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa dago. Aurkezpenaren ekitaldian izan dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Juana Goizueta eta Basque Quantumeko zuzendari Javier Aizpurua.

Ilustratzaile zientifikoek diseinatutako infografiak publiko orokorrarentzat pentsatuta daude. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakur daitezke eta, nahiz eta zorroztasun zientifikoz idatzita egon, erabilitako hizkuntza ulertzen erraza da eta irudi erakargarriak azaltzen dira. Zentro bakoitzak fisika kuantikoan egiten duen lanaren inguruko informazioa eskaintzen dute, baita kuantikaren oinarrizko kontzeptuei buruzko informazioa ere.

Bestalde, plataforma birtualak Smart Map teknologia erabiltzen du laborategien bereizmen handiko digitalizazioak eta etorkizuneko espazio zientifikoen birsortzeak erakusteko. Murgiltze-esperientzia hau hiru hizkuntzatan dago eskuragarri, eta ikerketa-taldeen lana eta potentziala ulertzeko aukera ematen du, testu- eta audio-azalpenekin eta eduki interaktiboekin.

Bisita birtualerako sarbidea ibilbideko totem fisikoetan instalatutako QR kodeen bidez edo Basque Quantum-en webgunearen bidez egin daiteke.

Milia Kuantikoa hezkuntza- eta dibulgazio-tresna ulertu daiteke, publiko guztientzat eskuragarri dagoena, eta euskal eragile zientifikoek zientzia eta teknologia kuantikoen arloan egiten duten lana ikusarazten eta aitortzen duena.