Sara Barja Martínez ERC Starting Grant laguntza aparta eskuratu du

Published: Urtarrila 12, 2022

COSAS gauzak aldatzeko

Europako Ikerketa Kontseiluak Sara Barja Martínez UPV/EHU eta CFMko ikertzaileari ERC Starting Grant laguntza aparta eman dio, COSAS proiektuarekin

2.3 milioi euroko diru-laguntzari esker, COSAS proiektua garatu ahal izango da datozen lau urteetan. Proiektu horren helburua da katalizatzaile eraginkorragoak eta merkeagoak garatzea hidrogeno berdea ekoizteko, itsasoko uretatik elektrolisia esploratuz eta, horrela, itsasoko ura garbitzeko prozesu garestia saihestuz, hidrogenoa lortzea optimizatzeko.

Sara Barja Martínez Euskal Herriko Unibertsitateko eta Materialen Fisika Zentroko (CFM, mistoa UPV/EHU-CSIC) Ramón y Cajal ikertzaileak jaso du ERC Starting Grant, Europako Ikerketa Kontseiluak ematen duen laguntza lehiakor eta ospetsuenetako bat. Programa honen bidez, zientzialari gazteen etorkizun handiko lana nabarmentzen da, beren ikerketa-ildo berritzailea garatzeko askatasunez eta ezagutzaren mugak hedatzen lagun dezaten.

Barja doktoreari emandako 2,3 milioi euroei esker, COSAS (Controlling Oxygen Selectivity at Atomic Scale) proiektua garatu ahal izango da datozen bost urteetan. Proiektu horrek hidrogenoa lortzeko prozesuak sakonki aztertu nahi ditu funtsezko ikuspuntu batetik, jasangarriak izan daitezen laguntzeko. Erregai fosilen ordezko energia-iturrien eta erregaien esplorazioa bat dator Nazio Batuek ezarritako garapen jasangarriko helburuekin (GIH) eta Eusko Jaurlaritzaren energia-agentziak definitutako hidrogenoaren euskal estrategiarekin. UPV/EHUk eta CFMk gidatutako proiektu honek bultzada handia emango dio horri.

Jasotako 4000 proposamenetatik, 397 baino ez ziren azkenean hautatuak izan Europa osoan, hau da, % 10 baino gutxiagoko arrakasta-tasa izan zen, eta deialdi horiek arautzen duten lehiakortasun handiaren eta saritutako proiektuek behar duten bikaintasun-mailaren berri ematen du. COSAS proiektua aukeratuetako bat da.

COSAS gauzak aldatzeko

Hidrogenoa trantsizio energetikorako ezinbesteko elementutzat jo dute Europako instantziek. Etorkizunak hidrogenoaren merkatu globala garatzea aurreikusten du, teknologia berriztagarri elektrikoak energia-sisteman integratzeko motor gisa. Hidrogeno berdea ekoizteko katalizatzaile eraginkorragoak eta merkeagoak garatzea, uretatik energia jasangarria ekoizteko erronka nagusietako bat da. Gehien erabiltzen den teknika ura oinarrizko osagaietan haustea da, hau da, oxigenoan (O2) eta hidrogenoan (H2), baina ekonomikoki eta, batez ere, ingurumenerako garestia da. Harrigarria bada ere, prozesu horien ulermena oraindik oso mugatua da. COSASek uraren oxidazioaren bidez hidrogenoa lortzeko bi bide alternatibo aztertzea proposatzen du. Alde batetik, erreakzio horretan hidrogeno peroxidoa lortuko litzateke – Ur oxigenatua (H2O2) O2 aren ordez –, horren balio ekonomikoa oxigenoarena baino handiagoa izango litzateke, eta, bestetik, zuzeneko elektrolisia itsasoko uretatik abiatuta garatzea– prozesu hori gauzatzeko itsasoko ura garbitzeko prozesu garestia saihestuz –.

COSAS erreakzio horiek funtsezko ikuspuntu batetik esploratuko ditu, oraindik ulertzen ez diren prozesu elektrokatalitikoei buruzko gaiak jorratuz: zer gertatzen da zehazki elektrodoaren (katalizatzailea) eta elektrolitoaren (ingurune urtsua) arteko ukipen-eremu txikian? Posible al da erlazio orokorrak ezartzea material baten egituraren eta propietate katalitikoen artean? Nola eragiten dio erreakzioak berak katalizatzailearen gainazalari? Horretarako, COSASek ikuspegi berritzaile bat proposatzen du gainazalen zientzia eta esperimentu elektrokimikoak integratuz.

Jasotako finantzaketaren zati batekin, sistema esperimental bat instalatuko da, elektrodoaren eta elektrolitoaren arteko elkarreragina zehaztasun atomikoarekin eta errealitatetik gertu dauden baldintzetan aztertzea ahalbidetuko duena. Gainera, laguntza horri esker, Barja doktorearen lan-taldea sendotu ahal izango da, doktoratu aurreko bi ikasle eta doktoratu ondoko bi ikertzaile kontratatuz. Galdera horiei erantzuna emateak aukera emango luke hidrogeno berdea ekoizteko ahalik eta katalizatzaile eraginkorrenak espezifikoki diseinatzeko.

Sara Barja Martínez

Sara Barja Ramón y Cajal ikertzailea da UPV/EHUn, eta Materialen Fisika Zentroan egiten du lan. 2012an Fisikan doktoratu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta 2013an Marie Curie IOF beka jaso zuen doktoretza ondoko ikasketak Lawrence Berkeley National Laboratoryn (Berkeley, AEB) eta Max Planck Institute for Solid State Researchen (Stuttgart, Alemania) egiteko. 2016an, Ikerbasque Fellow gisa sartu zen UPV/EHUn, gainazalen elektrokimikako ikerketa-lerro berri bat koordinatuz. 2019an, Zientzietako Gazte Talentuaren Hipatia Saria jaso zuen (Ekonomialariak emana). 2019az geroztik, Ramón y Cajal ikertzailea da UPV/EHUn, eta bere ikerketa-taldea CFMn gidatzen eta garatzen jarraitzen du.