IRUZURRAREN ETA “FAKE NEWS” EN AURKAKO TEKNOLOGIA KUANTIKOAK
- Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak 600.000 euro baino gehiago eman dizkio, Lankidetza Ildo Estrategikoen (PLEC) bidez, “Hardwarea, algoritmoak eta qubit gutxiko kode kuantikoak, sistema fotoniko eta egoera solidoen gainean” (PLEC2021-008251)” proiektuari.
- Multiverse Computing, TECNUN eta Materialen Fisika Zentroak (CFM-MPC) osatutako ikerketa-partzuergoak garatuko du proiektua. Alde esperimentala Gabriel Molina-Terriza CFM-MPCko Ikerbasque irakasleak gidatuko du.
- Helburu nagusia qubit gutxiko prozesadore kuantiko fotonikoa eta egoera solidokoa garatzea da, urrunetik kontrola daitekeena.
PLEC finantzaketa-plana Espainiako etorkizun hurbileko teknologia kuantikoetako bat bultzatzeko helburuarekin sortu da. Donostiako talde batek 600.000 euro jaso ditu prozesadore kuantiko fotoniko eta egoera solidoko bat sortzeko, gaitasun berritzaileak dituzten qubit gutxi batzuekin: internet bidezko konputazioaren bidez eskuragarria, optimizazio- eta sailkapen-arazo konplexuak konpontzeko erabilgarria, eta zaratarekiko sendoa eta erresistentea.
Prof. Molina-Terrizak, “Quantum Nanophotonics Lab” taldeko liderra, proiektu honen helburu esperimentalak gidatuko ditu. Bestalde, Tecnuneko Prof. Crespok euskarri teorikoa jarriko du. Garatutako hardwarea aprobetxatuz, Multiverse Computingek algoritmoak garatuko ditu gizarte-arazo garrantzitsuak jorratzeko, hala nola finantza-iruzurrak antzematea eta albiste faltsuak edo “fake news” ak identifikatzea.
Gabriel Molina Terrizaren taldea MPC-CFMn
Sistema bi qubiteko prozesadore batean oinarrituko da, optikoki helbideragarria, Multiverse Computing-ek proposatutako algoritmoen beharrak asetzeko bereziki diseinatua. Horrelako sistemek fideltasun txikiak izan ditzaketenez fotoiak galtzeagatik edo espinaren desfaseagatik, TECNUNeko Crespo irakaslearen taldeak euskarri teorikoa emango du prozesadorearen akatsak zuzentzeko. Gainera, Molina-Terrizaren sistema kuantikoak kanpoan erabiltzeko eskuragarri egotea eta urrutitik kontrolatzea da helburua. Sistema horiek dagoeneko frogatu dute mahaiko esperimentuetan funtzionatzen dutela, eta horietako batzuk komertzialki eskuragarri daude. Beraz, proiektua ez da konputazio kuantiko unibertsala egiteko sistema horien eskalagarritasunean zentratzen, baizik eta Espainian teknologia hori edukitzeak dituen behar industrialetan, sistema eta algoritmo berriak garatzeko eta, aldi berean, Espainiako teknologia kuantikoak sendotzeko.
Garrantzitsua da azpimarratzea PLECen bidez finantzatutako proiektu honek mundu akademikoaren eta enpresen arteko lankidetza sendotzen lagunduko duela, garapenak eta teknologiak bultzatzeko, bai eta ikertzaile eta teknologo kuantikoen prestakuntza praktikorako ingurune egokia sortzen ere, eta hori funtsezkoa izango da industria epe erdi-luzean eraldatzeko.
PLEC2021-008251 diru-laguntza MCIN/AEI/10.13039/501100011033 eta NextGenerationEU/PRTR Europar Batasunak finantzatu zuten.