CSICeko presidenteak CSICek Euskal Herrian dituen zentro mixtoak bisitatu ditu
Bisitari hasiera eman zitzaion atzo Biofisika Institutuan eta Materialen Fisika Zentroan bukatu da gaur
Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) presidentea, Eloísa del Pino, Eva Ferreira, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektorearekin izan zen atzo, egun jardunean dauden UPV/EHU-CSIC ikerketa zentro mistoak zuzenean ezagutzeko: Biofisika Institutua eta Materialen Fisika Zentroa.
Gaur Gipuzkoako Campusera etorri da Materialen Fisika Zentroa bisitatzera, eta alboan izan ditu Carlos Closa, CSICeko Erakunde Harremanetarako eta Antolaketako presidenteordea, UPV/EHUko errektoreordea eta CSICeko ordezkaria. Bisitan Daniel Sánchez Portal CFMko zuzendariarekin, Amaia González CFMko gerentearekin eta Iñaki Juaristi CFMko zuzendariordearekin biltzeko aukera izan dute.
Bisitaldian, CFMko langile guztiekin elkartu ziren auditoriumean, eta jarraian zentroko laborategi batzuk ezagutzeko aukera izan zuten, besteak beste, polimeroen eta materia bigunaren, dielektrikoen, nanofisikaren edo nanofotonika quantikoaren sintesian.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Eva Ferreirak, esker onez hartu du bisita. Azaldu duenez, “bikaintasunean oinarritutako ikerketa da Euskal unibertsitate publikoaren identitatearen gako nagusia. Hartara, CSICekin lankidetzan aritzen gara abangoardiako ikerketa egiten duten zentroen bitartez; eta, aliantza estrategikoa denez, bisita hau aprobetxatu nahi izan dugu bien arteko harremana estutzeko eta etorkizunean izan litekeen lankidetzarako formulak aztertzeko”.
Zentzu horretan, Eloísa del Pinok, CSICeko presidenteak, azpimarratu du zein garrantzitsua den CSICen eta euskal unibertsitatearen arteko lankidetza, batez ere bioteknologiaren eta nanomaterialen arloan, eremu estrategikoak baitira bi erakundeentzat. “CSIC erakunde aldakor eta dinamikoa da, eta badaki arlo bakoitzaren errealitateari nahiz lurralde bakoitzak bikaintasunerako duen potentzialari egokitzen. Bereziki pozgarria da niretzat bertatik bertara ezagutzea CSICeko eta UPV/EHUko zentro mistoen arteko lankidetzaren arrakasta”.
Biofisika Institutua (IBF) Biofisikaren oinarrizko ikerketan eta ikerketa aplikatuan aritzen da eta, ezagutza zientifikoa sortuz eta aplikatuz, bioteknologia eta giza osasunaren arloetako erronkei aurre egiteko lan egiten du. Materialen Fisika Zentroaren ikerketa (CFM), ostera, materialen zientziaren oinarrizko alderdietan zentratzen da: material nanoegituratuen, polimeroen eta materia bigunaren morfologia eta propietate elektronikoak, eta material fotonikoak aztertzen ditu.