CFMk neuromodulazio ez-inbaditzailea egiteko prototipo aitzindari baten garapenan parte hartu du; iktusaren eta Parkinsonaren moduko patologietarako erabiltzeko da
- Ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak sistema aitzindari baten garapena gidatu du: nanopartikulak hesi hematoentzefalikoan zehar gidatu eta garraiatzen ditu, eta helburu-neuronen jarduera zehaztasun milimetrikoz modulatzeko erabili daitezke
- Proiektuak erakusten du neuromodulazio ez-inbaditzaileak aukera terapeutiko berriak irekitzen dituela, eta aurreikusten du patologia neurologikoetarako tratamenduak seguruagoak, selektiboagoak eta eskuragarriagoak izango direla etorkizunean
- Garapen aitzindaria da, eta Achucarro, DIPC, CFM, FBB, CUN, Bit&Brain eta EHUrekin elkarlanean egin da
CFMk prototipo aitzindari bat garatzeko eta baliozkotzeko prozesuan parte hartu du. Prototipo horrek estimulazio neuronal ultra-zehatza egiten du, argiarekin eta eremu magnetikoekin nanopartikula selektiboak eszitatuz gorputzaren kanpoko aldetik, hau da, modu ez-inbaditzailean. Prototipoak bide berri bat irekitzen du gaixotasun neurologikoak tratatzeko, hala nola iktusa eta Parkinsona.
Orain arteko tresna ez-inbaditzaileek —garezurrean zeharreko estimulazio magnetikoak (TMS) eta garezurrean zeharreko estimulazio elektrikoak (TES) — bereizmen- eta sakontasun-muga handiak dituzte. Eta soluzio farmakologikoak ez dira oso eraginkorrak, ez baitira gai hesi hematoentzefalikoa zeharkatzeko. Hesi horrek odolaren eta garunaren artean substantziak igarotzea erregulatzen du, eta, hala, nerbio-sistema zentrala babesten du. Beraz, hesiak garuna babesten du, baina, farmako asko neurona-ehunera iristea eragozten du, eta egungo tratamendu askoren eraginkortasuna murrizten du.
Esperimentazio-fasea
Neuromodulazioa selektiboa, sakona, foku askotakoa eta segurua izatea ahalbidetzen du TECNALIA buru duen Neumonas proiektuak. Erabilera kliniko asko izan ditzake: burmuineko kalteak konpontzea, ahuldutako neurona-konexioak indartzea… Gainera, diseinu intuitiboa duenez eta erraz lor daitekeenez, ikerketa aurreklinikoan erabiltzeko erraza da. Modulu guztiak plataforma bakarrean daude eskuragarri karraskariekin esperimentatzeko.
Ander Ramos TECNALIAko teknologia medikoetako ikertzaile nagusia eta neuroteknologia-fokuaren arduraduna da. Haren hitzetan, “Esne Bideak izar adina neurona ditu burmuinak, eta konexio-sareak Internet osoa hirukoizten du. Burmuinak funtzionalitatea gal dezake iktusaren edo Parkinsonen ondorioz. Horri aurre egiteko, terapia-aukera guztiz berri bat irekitzen du garunaren jarduera kanpotik, kirurgiarik gabe eta modu zehatzean modulatu ahal izateak”.
Sistema bi nanopartikula motatan oinarritzen da; Marek Grzelczaken taldeak diseinatu eta garatu ditu Materialen Fisika Zentroan (CFM, CSIC-EHU zentro mistoan), eta neurona bat baino 100-10.000 aldiz txikiagoak dira. Lehen motakoek, urrezko nanopartikulek, argia bero bihurtzen dute neuronak aktibatzeko. Beste motak, nanopartikula magnetikoak, EHUko Maite Insaustiren taldearekin lankidetzan diseinatu dituzte, eta energia magnetikoa bero bihurtzen dute. Bi nanopartikula horiek helburu-zeluletara errazago iristeko funtzionalizatu dira, Monica Carrilen taldeak EHUn eta FBBn egindako lanari esker.
Donostia International Physics Centeren (DIPC), Aitzol Garcia-Etxarri buru zuen taldeak nanopartikulak diseinatzeko behar ziren simulazio teorikoak egin zituen, baita argiaren eta magnetismoaren energia bero bihurtzeko prozesua zehazteko eta kontrolatzeko kalkuluak ere. Gero, TECNALIAk baliozkotu zituen simulazio teoriak esperimentuen bidez.
Ramosek azpimarratzen duenez, “sistemak aukera ematen du hesi hematoentzefalikoa modu kontrolatu, zehatz eta itzulgarrian irekitzeko, nanopartikulei kaltetutako gunera iristen laguntzeko”.
CSICen Sols Morreale Ikerketa Biomedikoen Institutuan instalatu du TECNALIAk prototipoa, eta saguetan baliozkotu du, Achucarro Basque Center for Neuroscienceko Abraham Martinen taldearekin egindako elkarlan aurreklinikoari esker. Baliozkotzeak etorkizun handiko emaitzak eman ditu neurobabeserako, bai iktusari dagokionez (hiltzeko arriskua eta lesioaren bolumena murriztu ditu), bai Parkinsonen gaixotasunari dagokionez (eboluzioa gelditzen du eta sintomak hobetu). Beraz, “hurrengo urrats logikoa gizakiengana eramatea da” adierazi du Ramosek.
Are gehiago, trantsizio horretarako, dagoeneko garatu eta baliozkotu da dentsitate handiko elektroentzefalografian oinarrituta dagoen neuromodulazioa monitorizatzeko sistema bat, neurona-jarduera sakona denbora errealean detektatzeko eta monitorizatzeko aukera ematen duena, gizakietarako. Bitbrain Technologies enpresako Luis Montesanoren taldearen laguntzarekin garatu da, eta Nafarroako Unibertsitate Klinikako Maricruz Rodríguezen taldeari esker baliozkotu da Parkinson gaixotasuna duten pazienteekin. Txano sentsorizatu bat da, eta 5 minutu baino gutxiago behar dira janzteko eta prestatzeko.
Neumonas proiektua
Neumonas proiektua neuromodulazioko teknologia ez-inbaditzaileen arloko I+Gko zerbitzuak garatzeko merkaturatu aurretiko erosketa publikoko ekimen bat da, Europar Batasunak (NextGenerationEU) eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatua eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (MRR) kofinantzatua.
Proiektu hori gauzatzeko, TECNALIArekin lankidetzan aritu dira: ACHUCARRO BASQUE CENTER FOR NEUROSCIENCE FUNDAZIOA, DONOSTIA INTERNATIONAL PHYSICS CENTER FUNDAZIOA (DIPC), Bit&Brain Technologies; Nafarroako Unibertsitatea –Nafarroako Unibertsitate Klinika (CUN); BIOFISIKA BIZKAIA FUNDAZIOA (FBB), Materialen Fisika Zentroa (CFM-MPC, CSIC-EHU zentro mistoa), EHU (Euskal Herriko Unibertsitatea). Neumonas proiektuaren garapenak IKUR estrategiaren Basque Nanoneuro Network (B3N) ekimenean sortutako aurretiko ezagutzetan oinarritzen dira, besteak beste. Euskadiko 2022-2024 Inbertsio Estrategikoen Planaren barruko Ikerketa Estrategikoko proiektu bat izan zen, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako Sailak lagundua eta finantzatua.


