CSIC Investiga aldizakriak materialetan egindako aurrerapenak jorratzen ditu, diziplina horretan diharduten Kontseiluko institutuen 40. urteurrena dela eta
CFMko ikertzaileek edizio berezi honetan parte hartu dute, bi artikulu sinatuta eta beren lan zientifikoa aipatuta
Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari atxikitako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) Materialen Zientzia eta Teknologiako zenbait institutuk haren sorreraren 40. urteurrena ospatuko dute aurten, eta jarduera-programa zabal bat proposatu dute, materialen zientzia gizarteari hurbiltzeko eta ikerketaren, berrikuntzaren eta ezagutzaren transferentziaren lau hamarkadari balioa emateko, Espainia esparru horretako nazioarteko erreferenteen artean kokatzen lagundu baitute.
Urteurren garrantzitsu hori dela eta, CSIC Investiga dibulgazio-aldizkariaren 11. zenbakiak Kontseiluan garatzen ari diren diziplina horretako ikerketen aukeraketa bat aurkezten du, gaur egungo erronka handienetako batzuei irtenbide berritzaileak proposatzen dizkietenak.
CFMren lana, CSICen
CSIC Investiga aldizkari zientifikoaren edizio berriak gure zentroko ikertzaileen ekarpena nabarmentzen du. Alde batetik, neuroteknologia berrien garapenari balioa ematen dio, Marek Grzelczak ikertzaileak sinatutako artikulu baten bidez. Testuan, Rafael Yustek bultzatutako Basque NanoNeuro Network (B3N) sarearen aterkipean argiaren eta beroaren bidez jarduera neuronala aldatzea lortzen duten urrezko nanopartikulak diseinatzen ditu CFMn koordinatzen duen ikerketa-taldeak, eta, horrela, garuneko lesioak prebenitzeko eta tratatzeko garrantzi klinikoa duten bide terapeutiko oparoak irekitzen ditu.

Argitalpenak Paula Malo de Molina CFMko ikertzaileak sinatutako artikulu bat jasotzen du. Bertan, bere taldeak proteina gisa jokatzen duten polimero biomimetikoak nola diseinatu eta sintetizatzen dituen zehazten da. Kimika sintetikoaren eta biologiaren arteko bitarteko ereduak dira, materia biziaren portaera aztertzeko eta naturan inspiratutako propietateak dituzten material berriak diseinatzeko aukera ematen dutenak. Material funtzional berri horiek sortzeak askotariko aplikazioei ateak irekitzen dizkie, hala nola farmakoen askapen kontrolatuari edo erreakzio zelularren modulazioari.

Jon Maiz, Alberto Álvarez, Ester Verde, Silvina Cerveny, Gustavo Schwartz, Julen Ibáñez eta Rubén Esteban CFMko ikertzaileen lan zientifikoa ere aipatzen da.
Argitalpena Bartzelonako Materialen Zientzia Institutuaren (ICMAB-CSIC), Madrilgo Materialen Zientzia Institutuaren (ICMM-CSIC), Aragoiko Nanozientzia eta Materialen Institutuaren (INMA-CSIC-Unizar) eta Sevillako Materialen Zientzia Institutuaren (ICMS-CSIC-US) 40. urteurrena ospatzeko programaren barruan dago.
Zentro horien ikerketak XXI. mendeko erronka nagusietako batzuk jorratzen ditu hiru eremu handitan: energia eta jasangarritasuna, energia garbien, biltegiratze energetikoaren, birziklatzearen, deskontaminazioaren eta bioerregaien material berriekin; teknologia digitalak eta konputazioa, teknologia kuantikoetan, sentsoreetan, memorietan eta belaunaldi berriko prozesadoreetan aurrerapenak eginez; eta osasuna, nanopartikulen, biomaterialen eta minbizia, neurodegeneratiboak edo antibiotikoekiko erresistentziarekin lotutako gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko sistemen bidez. Bere jarduerak, gainera, nazioko eta nazioarteko talentu zientifikoa erakartzen eta lehen mailako ikerketa-karrerak bultzatzen lagundu du.

