Gipuzkoa Coopera ekimenak zubi zientifiko bat eraiki du Latinoamerikako emakume ikertzaileen eta Materialen Fisika Zentroaren artean

Ezkerretik eskuinera, Goizane Álvarez diputatua eta Celia Rogero, CFMko zuzendaria
Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua, Goizane Álvarez zentroan izan da, eta emakume zientzialarien lidergoa eta Argentina zein Brasilgo lantaldeekiko lankidetza egonkorra sustatzen duten Gipuzkoa Cooperaren bi proiektutan parte hartzen duten ikertzaileekin bildu da.
Goizane Álvarez Kulturako eta Lankidetzako foru diputatuak Materialen Fisika Zentroa (CFM) bisitatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuaren laguntzaz zentroak garatzen dituen lankidetza zientifikoko proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Bisitan zehar, laborategietan egiten ari diren lana ikusi ahal izan du Álvarezek, bai eta ekimen horietan zuzenean parte hartzen duten ikertzaile eta langileekin bildu ere.
Gaur egun, CFM zentroak bi lankidetza-proiektu garatzen ditu Argentina eta Brasilgo lantalde zientifikoekin, Gipuzkoa Coopera ekimenaren esparruan; biak ala biak bi urteko iraupenarekin planteatuta daude. Horien helburu komuna da Latinoamerikako lantaldeekin harreman zientifiko egonkorrak sustatzea, emakume ikertzaileen gaitasunak eta lidergoa indartzea, haien nazioarteko proiekzioa erraztea eta Gipuzkoan ikerketa-egonaldiak nahiz elkartrukeak bultzatzea.
Álvarezek nabarmendu du proiektu hauek “lankidetza ulertzeko modu bereziki interesgarri bat” erakusten dutela: “Gipuzkoan ditugun gaitasunak berdinen arteko harremanen zerbitzura jartzea, ezagutza partekatzea eta laguntza zehatz batetik haratago iraungo duten aukerak sortzea”.
Diputatuak bereziki azpimarratu du ekimenaren genero-ikuspegia. Programaren helburua da emakume zientzialarien lidergoa sustatzea, haien gaitasunak indartzea eta nazioarteko komunitate zientifikoan duten ikusgaitasuna bultzatzea, parte hartzen duten zentroen arteko lankidetza finkatzeaz gain.
“Oraindik ere desberdintasun oso garrantzitsuak daude emakumeek erantzukizun zientifiko handieneko lanpostuetara iristeko orduan. Horregatik, garrantzitsua da erakunde publikoetatik aukerak irekitzen laguntzea, sareak sortzea eta emakume ikertzaile baten talentuak bere generoarengatik edo karrera garatzen duen munduko lekuarengatik muga gehiago ez izatea bermatzea”, adierazi du Álvarezek.
Bi proiektu Argentina eta Brasilekin
Proiektuetako bat Silvina Cerveny ikertzaileak gidatzen du CFMn, María Guadalupe Garcíaren lantaldearekin lankidetzan; talde hori San Luiseko Fisika Aplikatuko Institutukoa da (CONICETi eta Argentinako San Luiseko Unibertsitate Nazionalari lotua). Proiektuak zinkarekin gurutzatutako pektina-materialak ikertzen ditu, nekazaritzan uraren eta mantenugaien kudeaketa jasangarriago baterantz aurrera egiteko.
Ikerketaren helburua material biodegradagarriak garatzea da, nekazaritza-lurzoruak estaltzeko erabiltzen diren polietilenozko plastikoen alternatiba izan daitezen. Hondakin plastikoak sortzea saihesteaz gain, material berriek beste funtzionalitate batzuk ere barneratu nahi dituzte, hala nola mantenugaiak biltegiratzea eta askatzea, edo ureztatzeko uraren kalitatea hobetzen laguntzea.
Lehenengo lanei esker, pektina eta zink formulazioak lortu dira, uraren aurreko erresistentziaren, malgutasunaren eta egonkortasunaren arteko oreka hobea dutenak. María Guadalupe Garcíak zuzentzen duen Argentinako lantaldeko Julieta Quiroga ikertzaile aurredoktoralak sei hilabeteko egonaldia egingo du Gipuzkoako zentroan, aurtengo maiatzetik urriaren amaierara bitartean, proiektu horretan lanean.
Bigarren proiektuak CFMko Ivan Sasselliren lantaldea eta Brasilgo Goiásko Unibertsitate Federaleko Carolina Horta Andradek zuzentzen duen taldea lotzen ditu. Ikerketak nanofibra funtzionalizatuen bioaktibitatea aztertzen du, eta simulazio molekularrak, kimioinformatika, ikaskuntza automatikoa eta adimen artifiziala uztartzen ditu, haien portaera iragartzeko ereduak garatzeko asmoz. Aplikazio posibleen artean, Zika edo Dengea bezalako gaixotasunen aurkako estrategia terapeutiko berriak garatzea dago. Hori garatzeko, Fernanda Campos ikertzaile aurredoktorala ere egonaldi bat egiten ari da CFMn.
“Gipuzkoa Cooperari esker, nik bakarrik garatu ezingo nituzkeen ereduak diseinatzen ari gara. Ezagutza konbinatuz, gure kasuan sendagai eraginkorragoak nola garatu ulertzen aurrera egiten dugu “. Ivan Sasselli
Gauzak horrela, bi proiektuek Latinoamerikako ikertzaileen egonaldiak aurreikusten dituzte Donostian, CFMko laborategietan lan egiteko, konputazio-baliabideak erabiltzeko, taldeen arteko bilerak egiteko eta elkartruke zientifikoko jarduerak burutzeko. Helburua da sortutako harremanek aurrera jarraitzea Gipuzkoa Coopera amaitu ondoren, eta ikerketa, argitalpen nahiz proiektu bateratu berriak sortzea.
Lotura iraunkorrak sortzen dituen lankidetza
Materialen Fisika Zentroak Aldundiak babestutako lankidetza-programekin duen lankidetzak aurrekariak ditu. Zentroak hainbat lankidetza garatu ditu 2019tik Mujeres por África (Emakumeak Afrikaren alde) Fundazioarekin, eta 2026an programa birformulatu du, Latinoamerikako lantaldeekin ibilbide luzeagoko proiektu zientifikoak sortzera bereziki bideratutako barne-deialdi baten bidez.
CFMa Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) zentro misto bat da, BERC bikaintasun-zentro gisa aintzatetsia. Bere helburua materiaren oinarrizko ulermenean aurrera egitea da, eskala espazial eta tenporal desberdinetako egitura, dinamika eta elkarrekintzen arteko interakziotik eratorritako gertaera emergenteen aurkikuntzaren bidez. Misio horrek etorkizuneko erronka zientifiko eta teknologiko handiei aurre egiteko oinarri kontzeptuala ematen du.
